XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aipamen berezia hartzen dute ordea, nik uste, errauspean lo zauden esku-izkribuen argitalpenek: Euskaltzaindiaren Euskararen Lekukoak izeneko zerrendan hor ditugu: Juan Apezetxeak eta Aita Ondarrak prestatu dizkiguten Joakin Lizarraga Elkanokoaren hiru edo lau liburuak: Katexima, Kopla, Itzgaiak eta Predikuak (Lekukoak, 1., 9., 10. Aita Altunak prestatu Sebastian Mendibururen idatzlan argitaragabeak (ibid. 4., bi liburu), Txomin Peillenek prestatu Jusef Egiategi-ren Lehen Liburia edo filosofo huskaldunaren ekheia, 1785 (ibid. 6.); Aita Villasantek prestatu J.A. Mogel-en Cristaubaren Icasbidea edo Doctrina Cristiana (ibid. 14.); Mirari Alberdik prestatu R.M. Azkue-ren Latsibi (ibid. 15) eta azkenik, Aita Altunak prestatu duen eta, agian laster, aterako den Haraneder-en Testamen Berria, Uztaritzeko Seminarioko liburutegian ezin argitaratuz zegoena.

Euskararen Lekukoak zerrendatik kanpo ere badugu lan ederrik: Gogora heldu zaizkit bederen: Piarres Lafitte zenak berak, 1972an agertu zuen Salvat Moho-ren obra, haren biziko xehetasun hainitzekin: Póemes Basques de Salvat Monho (1749-1821), Bayonne, Ikas, 1972; Arabako Aldundiak, 1975an Julio de Urquijo Mintegiko gordagitik atera zuen J. Paulo Ulibarri-ren Gutun Liburua: Patri Urkizuk 1987an argitaratu duen Baionako Erakustokiko Bertso zahar ta berri zenbaiten bilduma, 1798; eta Jon Kortazar ta Miren Billelabeitiak prestatu J. A. Uriarte-ren Poesia Bascongada Dialecto Vizcaino deitu loretegia, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo, 1987.

Ez ditugu bada ahantzi behar ere Aita Zavalak, bere Auspoa-ko 200 liburuen artetik argitaratu dituen aintzineko bertsolari batzuen bertso bildumak hala nola herri literaturako beste obra askoz bestalde; bainan non da zuzen herri literaturaren eta bestearen arteko muga? Bilintx-en bertso ta lan guziak, 12. Pello Errota-ren bizitza ta bertsoak, 32. ampamp; 33.; Bordel Bertsolaria, J. M. Satrustegik prestatua, 45-46.; Mañex Etxamendi bertsularia, P. Lafittek prestatua, 109-110.; eta A. Zavalak berak prestaturik, ja aipatuez bestalde, Udarregi, 56., Lexo, 79-80-81., Xenpelar, 88-89-90., Txirrita, 101-102-103-104., Balendin Enbeita, 117-118., Zapirain anaiak, 123-124-125., Patxi Erauskin, 130-131-132.

Ez genituzke gutietsi nahi bestalde apez-etxe edo komentu zokoetan aurkitu izan diren bertsu, gutun edo prediku oso ala puskatuak.

Horien berri izaiteko kurritu behar dira azken 30 urte honetako euskal aldizkari ezagunenak, hots Euskaltzaindiaren Euskera, bai eta ere Anuario del Seminario Julio de Urquijo, Iruñeako Fontes Linguae Vasconum, Donostiako Egan eta Revista Internacional de Estudios Vascos, eta Boletín de la Real Sociedad de los Amigos del País, Baionako Gure Herria zena eta Bulletin du Musée Basque, Bilboko Labayru Ikastegia-ren Iker Atalak.

Horiek oro ikusi-ta iduritzen zait larrienak bildu ditugula.